XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aulkietako bat hutsik zegoen.

Gainerakoetan, Jose Mari, Maria Luisa eta Martin.

Hutsik zegoen aulkiak bereizten zuen Martin bikotearengandik.

Sekulako isiltasuna zegoen, jakinminak eta beldurrak oretua.

Apaizak eztula egin zuen bigarren aldiz, eztarria garbitu eta bere lanari ekiteko moduan zegoela adierazteko.

-Prest al gaude?

Denek baiezkoa egin zioten buruaz, baina inork ez zuen hitzik atera.

Apaiza, gertutik irakurtzeko betaurrekoak begietan, Kattalinen testamentua irakurtzen hasi zen.

Jose Marik Maria Luisari begiratu zion eta keinu egin zion, ezpainak zimurtuz, adorea eskatuz bezala.

Martinek zigarro bat zuen ahoan eta orain bere magalera, orain sabaira begiratzen zuen.

Apaizaren ahotsa bulartsua zen, mardula eta gela osoa betetzen zuena:

-Nik, Katalina Agirre Muruak, nire senarra Santiago Lasa Garai jauna bizirik aurkitzeko legezko epe guztiak burutu direnean, igaro baitira legeak agintzen dituen zuhurtasunezko hamar urteak itsasoan desagertu zenetik, adierazten dut:

legezko aholkularitza guztiak jaso ondoren, eta nire adimena osasuntsu eta ezaguera zuzen ditudala, nire ondasunen oinordekotzari buruz hartu ditudan erabakiak ezagutarazten ditut eta Luis Labayru Garibai, Arraldeko erretore jauna, izendatzen dut nire azken nahiaren albazea.

Apaizak eztula egin zuen berriro, eztarria lakartu balitzaio bezala, eta irakurtzeari utzi zion.

Kristalezko edalontzia ardoz bete eta trago bat hartu zuen.

Gero betaurrekoen gainetik begiratu zien entzuleei.

Inork ez zuen txintik atera.